XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BIGARREN IKUSKIZUNA

(Horrela segi dezake puska batean, baina laister elkarri oihuka bukatuko dute).

Traidorea! Builosoa! Komunista! Txuloa! Diktadorea! Txotxoloa! Faxista! Mukizua! Kapitalista! Bazternahastatzailea! Burgesa! Listiloa! Apaiza! -eta antzekoak boteaz.

Azkenean batak besteari paperak, harrixkak, kapela, eta eskura duten edozer gauza jaurtikiz.

Momentu horretan LAU, eskilaratxo kaxkar batekin sartzeko asmotan dator baina muturra azaldu bezain laister megafonoa erortzen zaio buru gainera.

Gurea! Nerea! karraxika dabiltzala, denak erori eta lurrean bukatzen dute, eta argiak itzaliz lehen ikuskizuna bukatzen da.

TELOIA

Eskenategia berdintsu: Totema eta Txapela.

Haren pean, BAT taldeko zenbait, Biko hainbat eta HIRUko batzu (LAUkoren bat ere bai nahi izanez gero) adiskidetasun ederrean afaltzen.

Afari bukaeran dabiltza nonbait eta janari hondarrak geratzen dira mahai gainean.

Edan ordea, gogotik edaten dute.

Oso alai daude, eta gero eta mozkorrago.

Ufada, irrintzi eta algara franko.

Besotik elkarri helduta, Boga-boga kantatzen hasiko dira, ohi den legez.

Zeharo horditurik, beste zenbait afal kanta ere sartuko dute tartean.

(Txuri-urdiñ, Athletic txuri ta gorria, Desde Santurtzi a Bilbao, Gure kuadrilan mozkorra franko eta abar).

Altxatzen da ondoren BAT taldeko norbait, afalkideetan zaharrena, eta edalontzia buru parean jarriz, mozkor ahotsaz, zotinka, zenbait hitzetan trabatuz, hizketan hasten da.

BAT - Anai-arreba maiteok, famili bat osatzen dugunez gero, geure artean anaitasuna eta laguntasuna behar ditugu nagusi, eta asko pozten nau guztiok, zahar eta gazte, adiskidetasun ezin hobean mahai honen inguruan ikusteak.